XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konstituzioa, uste baino zabalagoa da.

CiUko Joaquim Molinsek dioenez, Kataluniaren asmoak ongi sartzen dira bertan.

Hala ere, oraingoz ez dugu erreformarik eskatuko.

Finantzaketaren arazoak Senatuko eztabaida baldintzatu zuen.

Kongresuan CiUko bozeramailea den Joaquim Molins-en ustez, Autonomien Estatuaren eztabaidan Jordi Pujolek Kataluniaren asmoez esan zituenak badute Konstituzioan beren lekua, Konstituzioa uste baino zabalagoa baita.

Azaldutako asmo horiek Katalunia Estatuaren barnean eroso sartzeko baldintzak bailiran azaldu zituen Pujolek, orain arte barruan izateak ez baitu Katalunia asetzen.

BARTZELONA

Joaquim Molinsen iritziz, Konstituzioa zabala bada ere, baditu Konstituzioak, bere barnean, bere burua aldatzeko mekanismoak, eta mekanismo horiek erabiltzea legezko litzateke, eta erreforma proposatzea ez litzateke bestalde nahitaez suntsitzaile izan behar, esan zuen Molinsek.

Dena den, momentu honetan ez dugu honelako planteamenduak egiteko asmorik.

Kongresuan gutxiengo kataluniarraren bozeramailea den honek esan zuenez, Autonomien Estatuaren eztabaidan Pujolek partiduetako subiranotasunari buruz eta Kataluniak behar duen nagusitasun politiko handiagoari buruz esan zituenak ez dira berriak, ohikoak ez diren Konstituzioaren irakurketaren eta interpretazioaren ondorioak baizik.

Ulertezina

Molinsek esan zuenez, ez da ondo ulertzen Pujolen hitzek sortu duten harridura, eta Katalunia Estatuan sartzen ari diren moduak ez gaituela asetzen esaten dugunean, ez litzateke inor harritu behar.

Eta esaten ditugunak oihurik gabe esaten ari gara, gertatzen ari zaiguna esaten ari baikara soilik, zubirik hautsi gabe, are gehiago, laguntza eskainiz eta lagunduaz.

CiUren eta PPren arteko elkarlaguntzaren gaia ukitzerakoan, zehatz-mehatz banatu zituen Molinsek Pujolek Senatuko eztabaidan azaldutako asmoak eta gobernatzeko hitzarmenaren edukia.

Hitzamenetik kanpo dauden zenbait asmo gauzatzen ez direlako, ez dugu horregatik Gobernatzeko hitzarmena hautsiko, esan zuen Molinsek.

Jakin badakigu gauza asko ez dagoela partidu nagusi baten esku eta Konstituzioaren inguruan lortutako adostasunaren fruitu izan behar dutela.

CiUren bozeramaile honentzat, Senatuan Autonomien Estatuari buruz izandako eztabaida, finantzaketa autonomikorako eredu berriaren arazoak eta Jose Antonio Ardanzaren parte ez hartzeak baldintzatu dute.

Bi gai horiek Aznarren hitzaldia bera psikologikoki baldintzatu zuten.

Finantzaketa autonomikoari buruz sortutako eztabaidaz, eztabaidaren helburua aurrekoa desgastatzea zela esan zuen eta ez irtenbide zehatza bilatzea, eta PSOEren autonomiek sistemari aurre egingo dioten artean, arazoak betikoak izango dira.